Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

gas

iz. Ohiko egoeran etengabe hedatzeko tasuna duen gorputz edo gaia. || Argi egiteko edo berotzeko erabiltzen den gasa, batez ere harrikatza destilatzetik ateratzen dena. || Gas(-)hodi. Gasa eramaten duena. v Fis. Materiaren oinarrizko hiru egoeratako bat da gasa; ohiko presioan eta tenperaturan molekulak oso barreiatuta izatea, molekulen arteko indarra gorputzari forma edo bolumen iraunkorra emateko behar adina ez izatea eta ahal den espazio gehien betetzeko joera izatea ditu ezaugarriak. Presioa edo tenperatura aldatzean gasaren bolumena aldatzen da. Ohiko tenperaturan eta presioan gasek ez dute formarik ez bolumen berezkorik; hedatzean, barruan dituen ontziarena hartzen dute. Jariakinak direnez presioen transmisioen printzipioa eta Arkimedesen printzipioa betetzen dituzte baina isurkariek ez bezala, molekulen artean loturarik batere ez edo oso gutxi dute eta oso hertsagarriak dira. Eroale txarrak dira. v Hiri gasa. Hodi sare baten bidez etxeetara, kaleetara eta lantegietara eramaten den gasa, argi egiteko edo berotzeko. Metanoa, hidrogenoa eta karbono monoxidoa dira hiri gasaren osagai nagusiak. v Gas nobleak. Azken geruza elektroiez osatuta duten eta, horren ondorioz, behin edo beste izan ezik, konposaturik eratzen ez duten eta sistema periodikoko zero multzoa osatzen duten sei gasak. Gai bakunak dira, usain eta koloregabeak, eta airean izaten dira, oso kopuru txikitan. Aire isurkaria zatika destilatuz lortzen dira. Bonbillen eta hodi elektrikoen betegarri gisa erabiltzen dira batez ere. Helioa, neoia, argoia, kriptoia, xenoia eta radoia dira gas nobleak. v Gas perfektua edo ideala. Molekulen arteko loturarik batere ez duen eta Mariotte-ren eta Gay-Lussac-en legeak betetzen dituen balizko gasa. v Gas perfektuen edo idealen legea. Gas masa jakin baten presioaren, bolumenaren eta tenperaturen arteko erlazioa aditzera ematen duen ekuazioa: 
    
Bertan, P presioa da, atmosferetan; V bolumena litroetan; m pisu molekularra; M masa gramoetan, T tenperatura osoa eta R gas perfektuen konstantea (= 0,082). Boyle-Mariotte, Gay-Lussac eta Avogadoren legeen arteko konbinazioa da.