Gascoigne, Paul John
(“Gazaa” deitua). Britainiar futbolaria (Gasteshead, Newcastle, Ingalaterra, 1967). Profesional gisa, Newcastle United taldean hasi zen: 92 partida jokatu zituen eta 21 gol sartu. 1988an, Tottenham Hotspurs taldeak kontratatu zuen, bi milioi libratan (Erresuma Batuko futbol historiako laugarren kontratu garestiena). Talde horrekin Ingalaterrako Kopa irabazi zuen 1990-1991 denboraldian. Haren dohainak zirela eta, Ingalaterraz kanpoko taldeak ere hura kontratatzeko lehian sartu ziren: Erromako Laziok 15 milioi dolar baino gehiago eskaini zituen, eta Marseillako Olympiquek 16 milioi. 1991ko maiatzaren 19an, ordea, belauneko gihar lotzaileak hautsi zituen entrenamenduan, eta hainbat hilabete eman behar izan zituen jokatu gabe. Urte ilun batzuen ondoren, 1995ean, Eskoziara joan zen, Glasgow Rangers taldean jokatzera, eta bere maila ematen hasi zen berriro. Lehenengo urtean, Ligako jokalari onenaren saria lortu zuen. 1995-1996 denboraldian, Rangersek Liga irabazi zuen –zortzigarren aldiz jarraian–, eta baita Eskoziako Kopa ere. Gascoigne Ingalaterrako futbolaren idolo bihurtu zen.