Garmendia, Mikel
Gipuzkoar antzezlea (Ordizia, 1945 - Donostian, 2005). Bere jaioterriko Lanbide Eskolan ikasi ondoren, hainbat lanbidetan aritu zen, harik eta 1982. urtean, 37 urte zituela, bere bizitzari erabateko aldaketa eman zion arte, txikitako zaletasunari jarraituz antzezle egin baitzen, Eusko Jaurlaritzak eratutako lehenengo antzerki ikastaroan parte hartuta. Geroztik zinema, antzerki eta telebistan lan egin zuen. 1994. urtean Goenkale ETBko telesailean hasi zen, eta orduz geroztik Joxe Mari tabernariaren paperari eutsi zion. Film askotan parte hartu zuen: Albaniaren konkista (1983), Akelarre (1984), Ander eta Yul (1988), Hamaseigarrenean aidanez (1985), Kareletik (1986), El polizón de Ulises (1987), El cura de Santa Cruz (1991), Maité (1994), Airbag (1997)…. Antzerkiari dagokionez, Ama begira zazu, Agur, Eire agur, El florido pensil, eta Zu(t) gabe lan arrakastatsuetako pertsonaia izan zen, eta Tanttaka antzerki taldeko kidea. Telebistan, arestian aipaturiko Goenkalez gain, Bi eta bat (1990), Jaun eta Jabe (1995) eta izen bereko filmean oinarritutako Maité telesailetan hartu zuen parte. Euskal Herriko antzezlerik ezagunenetakoa da.