García Pérez, Alan
Peruko politikaria eta legegizona (Lima, 1949). Limako San Marcos Unibertsitatean Zuzenbide ikasketak egin zituen eta Madrilgo Unibertsitate Complutensean lortu zuen doktoregoa. Sorbonan eta Parisko Lantinamerikako Goi Ikasketen Institutuan osatu zituen bere ikasketak. 1978. urtean Perura itzuli zen, Herritarren Batasun Iraultzaile Amerikarraren (APRA) sortzaile Víctor Raúl Haya de la Torrek hala eskatuta, eta politika lanetan murgildu zen buru-belarri. Diputatu aukeratu zuten 1980an eta batzar konstituziogileko kidea izan zen. 1982. urtean APRA alderdiko idazkari orokor izendatu zuten, eta 1984an lehendakaritzarako hauteskundeetarako hautagai izendatu. 1985eko hauteskundeak irabazi zituen, eta lehendakari kargua eskuratu zuen (1985-1990). Bere agintaldian Latinoamerikaren batasunaren alde lan egin zuen, eta hasieran Nazioarteko Diru Funtsaren asmoei aurre egiten ahalegindu zen. Dena dela, agintaldiak aurrera egin ahala haserrea nagusitzen joan zen hainbat sektoretan, nazionalizazio politika bideratu zuelako; militarrek indar gehiago nahi zuten, Sendero Luminoso gerrilla taldeari aurre egiteko neurri gogorragoak eskatzen zituzten, eta azkenik, APRA alderdiko agintaritzatik aldendu zuten, alderdiko krisi baten ondorioz. Presio asko jaso zituen eta azkenik, Nazioarteko Diru Funtsaren eta Munduko Bankuaren laguntza eskatu behar izan zuen. 1990ean Alberto Fujimorik hartu zuen Peruko lehendakari kargua eta 1992an estatu kolpea eman zuenez gero, leku ezezagunean bizi da Alan García.