García Morales, Adelaida
Espainiar kontalaria (Badajoz, 1945). Filosofia eta letretako ikasketak egin zituen Sevillan, eta hango Esperanto antzerki independentearen alorrean ziharduen taldeko kide izan zen. Ondoren Madrila aldatu zen, Zinemako Eskola Ofizialera, eta gidoiak egiten espezializatu zen. 1981ean hasi zen literaturaren munduan ospea irabazten Sesamo sarian finalista izatera iritsi zen Archipiélago obrarekin. 1983an El Sur liburua eman zuen argitara, El Sur eta Bene eleberri laburrak biltzen zituena. El Sur liburuak kritikaren arreta erakarri zuen, bere protagonisten ahultasunagatik eta gertaerak eta kanporako portaerak ulertzeko eskaintzen zituen barne gogoetengatik. Urte hartan bertan kaleratu zuen El Silencio de las Sirenas, eta geroago idatzi zituen La lógica del vampiro (1990, Banpiroaren logika), Las mujeres de Héctor (1994, Hektorren emakumeak), La Tía Águeda (1995, Izeba Ageda) eta Nasmiya (1996).