García Ramos, José Ignacio
Gipuzkoar ikertzaile eta politikaria (Donostia, 1946). Ekonomia eta enpresa zientzietan lizentziaduna Deustuko Unibertsitatean (1972). Aholkularitza lanetan jardun du hainbat enpresatan. 1980an Eusko Jaurlaritzako estatistika zuzendari izendatu zuten, eta estatistika produkzio ofiziala diseinatu eta abiarazi zuen EAEn. 1986an EAEko Estatistika Legearen proiektua landu eta defendatu zuen. Hura onarturik, Euskal Estatistika Erakundea, EUSTAT, sortu zen organismo autonomo gisa. EUSTATeko zuzendari eta euskal estatistika kontseiluko lehendakariorde izendatu zuten (1987-1990). 1988an justizia lehendakariorde izendatu zuten eta kargu horretan iraun zuen 1991 arte; ondoren, herri administraziorako lehendakariorde izan zen (1991-1994). International Association for Official Statistics elkarteko bazkide sortzailea izan zen (1985-1987); Eusko Ikaskuntzan Gizpukoaren ordezkari izan zen Gizarte eta Ekonomia Zientziak sailean zenbait urtez. 1995ean elkarte horretako dokumentazio zentroaren batzorde nagusiko lehendakari izendatu zuten eta 1997 arte egon zen kargu horretan; harrezkero, Eusko Ikaskuntzako mediatekaren batzorde nagusiko burua da.