García Lorca, Federico
Espainiar olerkaria eta antzerkigilea (Fuentevaqueros, Granada, 1898 - Viznar, Granada, 1936). Zuzenbidea eta filosofia eta letra ikasketak egin zituen. Literatura ez ezik, musika eta marrazkia ere landu zituen. 1919an Madrileko Ikasleen Egoitzan sartu zen eta bertan ezagutu zituen Dalí, Buñuel, Prados, Alberti, Moreno Villa eta beste artista batzuk, gerora garrantzi handikoak izan zirenak. 1922an lehen poema bilduma eman zuen argitara, Libro de poemas izenekoa. 1926an Góngorari buruzko hitzaldi bat eman zuen; izan ere, Góngora izan zen Lorcaren belaunaldia, 27koa alegia, markatu zuen poeta nagusia. Gero Canciones, Romancero gitano eta Poema del cante jondo, argitaratu zituen Andaluziako molde tradizionalak landuz, misterioaren eta mitoaren haritik, heriotzaren gaiarekin larrituta; izan ere, Andaluziarekin oso errotuta izaki, eskualde hark eragin nabarmena izan zuen García Lorcaren lanetan. 1929an Estatu Batuetara joan ondoren argitaratu zuen Poeta en Nueva York izeneko poema bilduma. Bertan surrealismoaren bidetik hiritzarren alienazioa azaltzen du, ordu arteko bere bidetik oso beste era batera. Errepublikaren garaian sona handia izan zuen García Lorcak literaturaren munduan eta lan ugari sortu eta eragin zuen: La Barraca antzerki taldea eratu zuen esaterako gobernuaren eskariz, eta Espainiako herri askotan ibili zen klasikoen lanak jokatzen. Berak idatzitako antzerki lanetan desioa eta errealitatea kontrajarriak daude. Mariana Pineda, Bodas de sangre, Yerma, La casa de Bernarda Alba, eta El público dira antzerki lan ezagunenak; azkena izan zen surrealismoaren estetikarekin abangoardiekin lotuena. Antzerkigile handia izan bazen ere, ez zuen inoiz poesia bazter batera utzi. 1936ko abuztuan Gerra Zibila hasita, frankistek atxilo hartu eta fusilatu zuten.