García Mercadal, Fernando
Espainiar arkitektoa (Zaragoza, 1896 - Madril, 1985). Madrilgo Arkitekturako Goi Mailako Eskolan egin zituen ikasketak. Ikasle garaian Aldamaren estudioan lan egin zuen, baina 1923an Erromako saria irabazi eta hara joan zen ikasketak sakontzera. Garai hartan egindako bidaietan Europako modernitatearen aitzindariak eta haien ideiak ezagutu zituen: Le Corbusier, Behrens, Breuer... Europako abangoardiak hobekien ezagutzen zituen arkitektoa izan zen bere garaian, eta berak sartu zuen modernismoa Espainian, 1927an sorterrira itzuli zenean. Aitzindari gisa osatutako bide horretan egindako obra nagusia Zaragozako Goyaren txokoa izan zen (1927). 1930eko hamarraldian egindako beste zenbait lanetan ere zeregin horrekin jarraitu zuen: Burgosko autobus geltokia (1929); Burgosko Higiene Institutua; Madrilgo Zurbano kaleko eraikin bat (1930); Fabra Coat lantegiaren proiektua (1931), Torrojarekin; Tomas Maebe eskola (1932), Aníbal Álvarezekin. Obra iraultzaile eta berrizaleak egin zituen oro har, baina baditu askoz ere obra akademizistagoak ere: Bilboko Jesusen Bihotzerako proposamenak; Valentziako Merkataritzako Ateneoa (1927), Emilio Moyarekin, etab. 1933. urtean Arkitekturako Sari Nazionala lortu zuen, Madrilgo Arte Modernoko Museoaren proiektuarekin. Bestalde, garrantzi handiko hirigintza lanak egin zituen. 1926an Hirigintzako Kongresu Nazionalean parte hartu zuen eta 1929an Madrilen Zabalkunderako Planaren Nazioarteko Lehiaketa prestatzen parte hartu zuen. 1929an Zuazo arkitektoaren estudioan hasi zen lanean, eta han prestatu zen Madrilgo lehiaketarako. Zuazok irabazi zuen lehiaketa, baina Mercadalek osatu zuen haren proiektua; azpimarratzekoak dira Mercadalek lorategietan eta plazetan egindako eraberritze lanak. Bestalde, García Mercadalek GATEPAC (Grupos de Arquitectos y Técnicos para el Progreso de la Arquitectura Contemporánea) sortu zuen 1930ean eta haren zuzendari izan zen 1932 arte.