García Asensio, Enrique
Espainiar orkestra zuzendaria (Valentzia, 1937). Madrilgo Kontserbatorioan egin zituen ikasketak, eta hiri hartako Unibertsitateko Orkestrako zuzendari titular izan zen. Zuzendaritza ikasketak Municheko Goi Mailako Eskolan osatu zituen, Lessingekin, eta Sienako Academia Chigianan, Celibidacherekin. RAI etxeak ematen duen zuzendaritza saria irabazi zuen 1962. urtean, eta hurrengo urtean lortu zuen Sienako Akademiaren saria. Las Palmasko Orkestra Filarmonikoko zuzendari titularra izan zen, eta orobat izan zen hiri hartako Kontserbatorioko zuzendaria. 1967. urtean New Yorkeko Mitropoulos saria eman zioten, eta Washingtongo Orkestra Sinfonikoko zuzendari laguntzailea izan zen. 1966tik 1984. urtera Radio Televisión Española Orkestra Filarmonikoaren zuzendari titularra izan zen. Garrantzi handiko lana egin du, orobat, Madrilgo Kontserbatorioan (bertako katedraduna da 1970. urteaz gero), eta Dominikar Errepublikako Orkestra Sinfoniko Nazionalak antolatzen dituen orkestra zuzendaritzako nazioarteko ikastaroetan. Mundu guztian zehar zuzendu ditu kontzertuak eta zenbait egile espainiarren lanak estreinatu ditu, García Abrilenak besteren artean.