García Abril, Antón
Espainiar musikagilea (Teruel, 1933). Valentziako Kontserbatorioan egin zituen musikako lehenengo ikasketak, Palau maisuarekin, eta Madrilgo Kontserbatorioan jarraitu zituen, Julio Gómez maisuarekin. Sienan ere ikasi zuen, Vito Frazzi eta Paul van Kempen zituela irakasle. 1957tik 1969ra solfeoko irakaslea izan zen Madrilgo Kontserbatorioan. 1959. urtean Amadeo Vivesen konpainiako musika zuzendari izendatu zuten, eta Grupo Nueva Música taldearen sorreran ere parte hartu zuen. 1964an Erromara joan zen, Petrassiren eskolak hartzera. 1974. urtetik aurrera konposizioko irakaslea izan zen Madrilgo Kontserbatorioan, eta 1983. urtean San Fernandoko Arte Ederretako Akademiako kide izendatu zuten. Hauek dira García Abrilen lan aipagarrienak: Concierto aguediano (1978, Agedar kontzertua), Celibidachiana (1982), orkestrarako lanak; Un millón de rosas (1971, Milioi bat larrosa) komedia; Dos canciones sobre el alba del alhelí (Alheliaren egunsentiari buruzko bi kanta) eta Ciclo de canciones gallegas (Galiziar kanten zikloa) ahotserako musikaren sailean; Divinas palabras (1992, Jainkozko hitzak) opera, eta zinema eta telebistarako zenbait obra.