Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gamere-Zihiga

Zuberoako Basabürüko udalerria, Atharratze-Sorholüzeko kantonamenduan. Camou-Cihigue du izen ofiziala. Gamere eta Zihiga herriguneek osatzen dute udalerria. Mugak: iparraldean Ozaze-Zühara eta Altzürükü, ekialdean Aloze-Ziboze-Onizegañia eta hegoaldean Altzai-Altzabeheti-Zunharreta. Garaiera, 200-300 m bitartekoa. 10,08 km2. 1999ko erroldaren arabera, 117 biztanle (gamerearrak; zihigarrak). Ibargonea erreka igarotzen da udalerritik. Euskara, zuberera; euskaldunak, % 98. Nekazaritza da bertako ekonomia jarduera nagusia; laborantza eta abere hazkuntza (ardiak eta zerriak). Udalerri honetako eremuetan historiaurreko margolanak aurkitu dira Etxeberri, Sasixiloaga eta Sinhikole izeneko leizeetan. 1836. urtean egin zuten bat Gamerek eta Zihigako herriek udalerria osatzeko. 1327. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Zihigako herria.