Galitzia
(Al. Galizien, polonieraz Galicja). Austriako antzinako probintzia, Karpato mendien iparraldean, gaur egun Poloniakoak eta Ukrainakoak diren lurraldeak hartzen zituena. Printzerri burujabe bihurtu zen 1087an eta indar handiko lurralde aberatsa izan zen ekialdeko Galitzia. 1199an Galitziako aitonen semeek aginpidea eskuratu zuten eta Galitziako lurraldea eta Volhynia batu zituzten. Poloniak 1349an bereganatu zuen printzerria eta haren mendean egon zen XVIII. mendea arte. Poloniako lurraldeak bereizi zirenean, Galitzia Ekialdekoa (Poloniaren ekialdeko beste lurralde batzuekin batera) Austriaren esku geratu zen (1772). 1795ean Krakovia, Sandomir eta beste zenbait lurralde hartu zituen Austriak eta Galitziako probintzia osatu zuen. Poloniaren esku izandako Austriaren lurraldeak Galitzia eta Lodomeriako Erreinua izena hartu zuten 1815ean. 1867an esklabotasuna legez kanpo utzi zuen Austriak eta administrazio autonomia handia eman zion Galitziako erresumari. XIX. mendearen bukaeran, Galitzia ekialdeko biztanleek (ukrainarrak) poloniarren aginpidea murriztu nahi izan zuten eta ukrainarren abertzale mugimendua sortu zen. 1918an Galitzia osoa Poloniaren esku geratu zen baina horren ondorioz borroka latzak izen ziren Ukrainaren eta Poloniaren artean, eta hauek ekialdeko zatia konkistatu zuten. 1945ean, Potsdam-eko konferentziak ekialdeko Galitzia Ekialdeko Ukrainako Errepublikari eman zion, eta mendebalekoa Poloniaren eskuetan geratu zen.