Galipentzu
Nafarroako ekialdeko udalerria (Zangozako merindadea). Gallipienzo du izen ofiziala. Mugak: iparraldean Zare, Ezporogi eta Eslaba, ekialdean Kaseda, mendebalean Uxue eta hegoaldean Zarrakaztelu. Garaiera 544 m. 55,91 km2. 1999ko datuen arabera, 159 biztanle ditu (galipentzutarrak). Aragoi ibaia igarotzen da udalerritik. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Ekonomia jarduera nagusia nekazaritza da (garia, garagarra, mahastiak; langileen % 60). Aipagarriak dira XIV. mendeko San Salvador eliza erromanikoa, bertako freskoak, XVII. mendeko gurutzea, hainbat ermita eta Erdi Aroko zubia. v Historia. Bertan aurkitu diren erromatarren garaiko aztarnategiek adierazten duten bezala, eskualde erromanizatuan sortu zen Galipentzu. Alfontso I.a Gudulariak, Aragoiko erregeak, eman zizkion Galipentzuri Sobrarbeko foruak 1117. urtean. Erregetzarako Gerraren garaian (1710) gudu latzak gertatu ziren inguru haietan.