Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Galizia

(Galegoz Galiza). Europako hego-mendebaleko nazioa, Iberiar Penintsulako ipar-mendebalean, Espainiako estatuaren barnean. 29.434 km2 eta 2.783.100 biztanle (2008) (93,78 biztanle km2-ko) (galegoak edo galiziarrak). Mugak: iparraldean eta mendebalean Ozeano Atlantikoa, hegoaldean Portugal, eta ekialdean Leon (Espainia, Gaztela-Leon). Coruña, Lugo, Ourense eta Pontevedrako herrialdeek osatzen dute Galizia. Hiri nagusiak: Santiago Konpostelakoa (Galiziako Autonomia Erkidegoko hiriburua), Vigo, Coruña, Pontevedra, Ourense, Lugo, Ferrol. Hizkuntza: galegoa eta gaztelania. v Orografia eta klima. Lurralde menditsua da Galizia, bertako mendiak oro har apalak diren arren (2.000 m inguruko gainak dira Galiziako hego-ekialdean). Hiru eskualde nagusi bereiz daitezke Galizian: terras baixas edo beterriak kostaldean (kostaldeko beterrietan daude Galiziako hiri jendetsuenak: Vigo, Pontevedra, Coruña, Ferrol); Galiziako goi-ordokiak, Santiagotik Miño ibaiaren arroraino (ekialdean dago Lugoko Terra Chá edo ordokia. Bertan dago Lugoko hiria), eta Galiziako goierriak, Miño ibaiaren ekialdean (bertan daude lurralde garaienak, Leongo mendi eta lautaden mugan, Ourense eta Monforte de Lemosko hego-ekialdean). Galiziako kostaldea luzea (1.289 km osotara) eta pikatua da, eta kostaldeko ibaiak itsasadar zabaletan itsasoratzen dira (Vigo, Pontevedra, Arosa, Ferrol, Coruña). Ibai asko ditu Galiziak. Miño da ibai nagusia (340 km) eta Sil da Miño bere adar handiena (228 km). Galiziako klima hezea da; Atlantiko aldetik datozen euri eta haizeek osorik hartzen dute (urtean 1.000 mm-tik gora jasotzen dira batez beste). Tenperatura epela da kostaldean eta hotzagoa barnealdean. v Ekonomia. Nekazaritza, baso ustiapena eta arrantza (Vigo, Coruña) dira bertako ekonomiaren oinarriak. Lurra minifundioetan dago banatuta, eta patata eta artoa dira gehien lantzen diren nekazaritzako gaiak. Janari industria (kontserbak) da industria jarduera nagusia. Vigo, Coruña eta El Ferrol dira industrialderik handienak. Puentes de Garcia Rodriguez-eko zentral termikoa, Sil ibaiko zentral hidroelektrikoak, Coruñako aluminio fabrika. Historian zehar emigrazio handia izan da Galizian, baina gaur egun apaldu egin da joera hori. Turismoa garrantzitsua da kostaldean eta Santiago Konpostelakoan. v Historia. Burdin Aroaren hasieran (K.a. 1000. urte aldera) iritsi ziren lehen herri indoeuroparrak Galiziara eta K.a. 400-200 urteetan hasi ziren herri haiek, zeltak zirenak ezbairik gabe, castro izeneko moldearen arabera herriak eraikitzen. Gisa honetako 5.000 herritik gora aurkitu dira Galizian. Harremanak zituzten Bretainia eta Britainiako herriekin garai hartako Galiziako zeltek. Augusto enperadore erromatarrak menderatu zituen herri galaikoak (gallaeci) K.a. 29-19. urteetan, eta handik aurrera Asturica izeneko herrialdearekin lotu zuten erromatarrek Galizia (Gallaecia). K.o. 409. urtean bandalo eta suebo germaniarrak egokitu ziren Galizian eta urte batzuk geroago, hegoaldera jo zuten bandaloek. Sueboen agintea 585. urtea arte luzatu zen, Leovigildo errege bisigodoa nagusitu zen arte. Errege germaniarren agintea, ordea, ez zen guztizkoa izan eta galegoek eutsi egin zioten bere nortasunari: galegoak ez ziren hispaniarrak. VIII. mendean, arabiarrak sartu ziren Galizian, baina ez ziren luzaroan egon. Mende horretan Asturiasko erregeak nagusitu ziren bertan eta Alfontso II.aren garaian (791-842) asmatu eta zabaldu zen Jakue Kristoren apostoluaren hilobia Santiago Konpostelakoan. X. mendearen hasieran sortu zen Galiziako erreinua, Asturiaskotik berex (Ordoño II.a, 910-914) eta, erreinu nahiz konderri, Galiziak independente iraun zuen luzaroan XII. mendea arte; bestalde, Galiziako jaun handiek autonomia handiz jokatu zuten Erdi Aro osoan, XV. mendea arte. X. mendean erasoaldi batzuk egin zituzten normandiarrek (968) eta arabiarrek (Almanzor, 997) Galizian. XII. mende bukaeran omen handia zuen Galiziako hizkuntzak eta XIV. mende bukaera arte galegoa (edo galego-portugesa) izan zen Iberiar Penintsulako literatura hizkuntza nagusia. Jakueren hilobiari esker, Europako erromes hiri nagusi bihurtu zen Santiago Konpostelakoa (Donejakue bidearen helmuga baitzen), eta elizak, bertako handikiek lagunduta, izugarrizko indarra hartu zuen Galizia osoan. XIV. eta XV. mendeetan emendatu ziren handikien arteko liskarrak, eta bi matxinada aipagarri ekarri zituen nekazarien egoera latzak: irmandiño-en (irmandade edo laborari federazioetako partaideak) matxinadak. 1431ko matxinada berehalakoan zapaldu zuten, baina 1465ekoan 80.000 laborari matxinatu ziren eta zailtasun askoren ondoren geldiarazi zuten Galiziako nobleek eta elizako handiek matxinada, Gaztelako erregearen laguntzaz. Espainiako Errege-erregina Katolikoen garaian, Galiziako nobleen aginpidea guztiz murriztu, Gaztelako erreginaren ahalak handitu eta laborarien egoera ez zen ezertxo ere hobetu. Bestalde, Galiziak ez zuen inongo ordezkaririk Gaztelako erresumako gorteetan, urrunegi zegoela eta, eta Zamorako lurraldeak hartzen zuen haren ordea. XVI. mendean, Ameriketako konkista zela eta, garrantzi handia hartu zuten Galiziako portuek, ontziolek eta marinelek, eta arras handitu ziren kostaldeko hiriak. Hala ere, Coruñako hiriak ez zuen Ameriketako merkataritza etxerik lortu, nahi zuen bezala. Filipe II.aren Armada Garaitezinaren porrotaren ondoren (1588), guztiz murriztu zen Espainiaren eta Ipar Atlantikoko herrien arteko merkataritza eta orduan hasi zen Galiziako portuen gainbehera. 1621. urtean lortu zuten Galiziako herrialdeetako hiriburuek (Santiago Konpostelakoa, Betanzos, Lugo, Mondoñedo, Ourense, Coruña eta Tuy) Gaztelako gorteetan ordezkari bana izateko eskubidea. XVII. mendean, Galiziarekin lotura handiak izan dituen Portugalgo erresuma saiatu zen, Espainiako erreinuaren mendean egon ondoren (1580-1640), galegoen herriaz jabetzen, baina alferrik. Galiziako laborarien egoera eramanezina izan zen luzaroan; handikien, militarren eta elizako hierarkiaren esku zegoen lur oro eta, hori zela eta, izugarri emendatu zen galegoen emigrazio maila: gizon-emakume gazte asko segalari aritzen zen Gaztelako galsoroetan; Madril eta Gaztelako beste hiri askotara jo zuten Galiziako hargin, igeltsero, urketari eta abar luze batek, eta milaka galego egokitu ziren Lisboan (XVIII. mendean, galegoa zen Lisboako biztanleriaren zortzirena), Ameriketara jo zutenez gainera. XIX. mendearen lehen erdialdean, Coruñako burges liberalek (Galizian oso hiri burges gutxi zegoen halere) zer esan handia izan zuten Espainiako estatu osoan (matxinada liberalak 1815 eta 1846. urteetan). XIX. mendeko azken hamarkadetan agertu ziren Galiziako lehen mugimendu abertzaleak, bertako hizkuntzaren eta kulturaren aldeko lan handia egin zutenak. Galiziako kazikismoaren aurka bazeuden ere, autonomiazaleek eta abertzaleek ez zuten Galiziako jende xehea proiektu politiko batera biltzerik lortu eta, beharrak eragindako ohitura zahar bati jarraituz, emigrazio bidea hautatzen zuen galego askok eta askok. 1929. urtean sortu zen O.R.G.A (Organización Republicana Gallega Autónoma), Casares Quiroga zela buru, Galizian aspaldian erroturiko eskuin espainiarzaleari aurre egin zion alderdi autonomiazalea; 1936ko ekainean onartu zuen Galiziak autonomia estatutua erreferendum batean. 1936ko uztaileko matxinadan, Francoren armadak ez zuen oztopo handiegirik izan Galizian, baina errepublikaren aldeko gerrilla komunistak indarrean iraun zuen 1940-50 urteak arte. Francoren diktadurako urteetan, areagotu zen talde batzuetan, erbestean nahiz Galizian bertan, hizkuntza galegoaren aldeko sentipena, eta gorpuztu zen Galiziako ezker abertzaletasun berria, Union do Pobo Galego erakundearen bidez. 1980ko abenduan onartu zen Galiziako autonomia estatutua erreferendum batean eta 1981eko apirilean egin ziren hauteskundeen ondoren osatu zen Galiziako Xunta edo gobernua. Eskuin espainiazale eta betiko kazikeen aldekoa da gaur egungo Galiziako alderdi politiko nagusia, Espainiako alderdi sozialista bigarrena eta ezker abertzalea (B.N.P.G., Bloque Nacionalista do Pobo Galego) hirugarrena.