Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gabriel, Peter

Britainiar musikagile eta abeslaria (Londres, 1950). Londresen jaio zen, langile familia batean. 1966. urtean Genesis taldea osatu zuen eta talde hartako abeslari eta musikagilea izan zen 1975. urtea arte. Urte hartan bakarlari gisa hasi zen; bakarlari gisa egindako ibilbidean joera esperimentalak nabarmendu dira bere musikan, eta horrela, Genesis taldea bide komertzialetik abiatu zela ohartu zenean, utzi egin zuen Gabrielek, bere interes musikaletatik oso urrun zebilela-eta. 1977 eta 1982 bitartean bakarlari gisa grabatutako disko guztiek Peter Gabriel dute izenburua. Lehenengo diskoan, 1977. urtean, Solsbury Hill abesti ospetsua jaso zuen, besteak beste. 1978an, berriz, disko erabat esperimentala kaleratu zuen, eta bere diskoetxeak erabaki zuen 1980. urtea arte ez ateratzea Peter Gabrielen beste diskorik, zigor moduan; garaitsu hartan ekin zien bide berriei. Hirugarren diskoak, Biko abestiarekin, ospe handia lortu zuen nazioartean eta harrezkero artista saiatu, arretatsu eta sormen handikoaren ospea irabazi zuen Peter Gabrielek. 1982. urtean argitaraturiko Security lanaren ondoren Womad jaialdiei eskaini zien. Jaialdi horiek izan ziren 1990eko hamarraldian halako arrakasta lortu zuen musika etnikoaren zabalkundearen eragile nagusiak. Dena dela, arrakasta komertzialik handiena So diskoarekin lortu zuen, 1986an. Azken urteetan musikagile gisa ez ezik, lan handia egiten ari da bere diskoetxearekin, mundu guztiko artisten bilgune bihurtu baita. 1990eko hamarraldian teknologia berriak eta multimedia aplikatu ditu bere lanean eta informatikaz arduratu da, bereziki. Zinemarako musika ere idatzi du, Birdy (1984) eta Kristoren azken tentaldia filmetako musika, besteak beste.