Freud, Lucian
Ingeles margolaria, alemaniarra jatorriz (Berlin, 1922). Aita arkitektoa zuen, Sigmund Freuden semerik gazteena. Oso gazterik emigratu zuen Ingalaterrara, familiarekin batera (1932), eta 1939an britainiar hiritartasuna eskuratu zuen. 1938 eta 1943. urteen artean Londresen eta Dedhamen egin zituen ikasketak. 1942an murgildu zen buru-belarri margolaritzan, eta 1944an egin zuen lehenengo erakusketa, Londresko Lefevre galerian. 1950. urtearen hamarraldian lortu zuen nazioartean ospea, eta harrezkero Freuden obraren hainbat erakusketa egin dira mundu guztian zehar. Lehenengo aldian surrealismoaren eta neorromantizismoaren joerei jarraituz zenbait saio egin zuen arren, heldutasuneko estiloan errealismo xehearen kutsua du nabarmenagoa. Xehetasun handiko obrak eta giza gorputzak adierazteko trebetasun aparta dira Freuden margolaritzaren ezaugarri aipagarrienak. Azpimarratzekoa da, besteak, bere Paddingtoneko barne irudia (1951). Dena dela, erretratuak landu ditu batez ere, autoerretratuak eta ingurukoen erretratuak, emakumeenak bereziki. Azken lanetan koloreen arteko kontrastea nabarmendu zuen eta adierazkortasun handiagoko irudiak margotu zituen; horrela agertzen da, adibidez, 1970eko hamarraldiaren amaieran bere amari egindako erretratu sail batean. Freud izan da bere belaunaldiko artista nagusietako bat, eta eragin handia izan du XX. mendeko britainiar margolaritza figuratiboaren bilakaeran. Gaur egun Londresen bizi da eta margotzen jarraitzen du, inguruko lagunen erretratuak bereziki, margolaritza klasikoaren erreferentziak oinarri harturik.