Franklin, Aretha
Estatubatuar abeslaria (Menphis, Tennessee, 1952). Apaiz baten alaba izanik, aitaren elizako abesbatzan abestu zuen txikitatik. Elizan entzun zuen gospelak eragin handia izan zuen bere kantatzeko eran. Hamalau urte zituela grabatu zuen bere lehenengo diskoa, aitaren meza batean. 1960an, bakarkako karrera hasi zuen, Colombia konpainiarentzat lan egiten. Soul edo rhythm and blues-ko gai ezagunen bertsio asko egin zituen hasieran: Today I Sing The Blues, adibidez, kalitate eta arrakasta handikoak batzuk, apalagoak besteak. 1966an, Atlantic konpainiarentzat hasi zen lanean, eta urtebete geroago, arrakasta beteko lehenengo single-a argitaratu zuen: I Never Loved a Man. Berehala, Respect grabatu zuen, Estatu Batuetako zerrendetan aurreneko lekua lortu zuena. Senarrarengandik bereizteak eragin zion krisia gainditu ondoren, 1970eko hamarraldian hainbat album grabatu zituen –Live at Fillmore West (1971), Young, Gifted and Black (1971)–, pop musikan eta rhythm and blues-en oinarrituta betiere. 1980tik aurrera Arista konpainiarentzat hasi zen lanean. 1981ean Love All The Hurt Away albuma grabatu zuen, eta urrezko diskoa lortu zuen ostera Jump To It abestiarengatik. Baina hamabost lan urteko diskorik arrakastasuena Who's Zoomin' Who disko luzea izan zuen, Narada Michael Waldenek ekoitzia. Disko hartatik arrakasta handiko lau single atera ziren gero, gazteen artean ere zabaldu zirenak. Handik hara, han-hemenka aritu zen, Annie Lennoxekin batera Sisters are Doing it for Themselves abestuz, George Michaelekin batera I Knew You Were Waiting abestuz, eta The Eurhytmics taldearekin kantatuz. 1987an, gospel abestien album bikoitza grabatu zuen aspaldiko partez, One Lord, One Faith, One Baptism, bere aitaren elizan. Sari asko irabazia da, Grammy saria, besteak beste. Azken urteetako lanak: Through The Storm (1989); What You Get Is What You Sweat (1991); A Deeper Love singlea (1994), arrakasta handikoa; eta A Rose Is Still a Rose (1998).