Fox, George
Kuakero edo Quaker sektaren sortzailea (Drayton, Leicestershire, 1624 - Londres, 1691). Zapataria zen. Izpiritu Santuak deitzen zuela uste osoa harturik, 1647an hasi zen predikatzen. Bere jarraitzaileek Adiskideen Elkartea edo quakers (“beldurtiak”, Foxek epaile bati esan baitzion “Jainkoaren hitzaren beldur behar da izan”) sortu zuten. Kuakeroek liturgia eta apaizgo oro gaitzesten dute, eta norbere kontzientzian bizi den Izpiritu Santuari besterik ez diote garrantziarik ematen. Sarritan izan ziren esetsiak, eta 1654an Ameriketara joan ziren; han eragin handia izan zuten XVII-XVIII. mendeetan.