Filipo IIa
Mazedoniako XVIII. erregea K.a. 359-336 urteetan (K.a. 382 - Aigai, Asia Txikia, 336). Amintas III.aren hirugarren semea, Tebasen bahituran eduki zuten 368-365 urte bitartean eta han hezi zuten helenismoan, eta Epaminondasen berrikuntza militarrak ikasi zituen. Perdikas II.a bere anaia hiltzean, Amintas ilobaren errege-ordekotza bete zuen, baina hura K.a. 356ean baztertu eta bere burua errege izendatu zuen. Antipatros eta Parmenion bere laguntzaileekin, Mazedoniako falanjea eratu, eta Balkanetako barbaroen kontrako gerretan garaile izan ondoren, Traziako itsasertzean bere aginpidea zabaldu zuen (K.a. 358), eta ondoren Anfipolis, Pidna eta Potidea kolonia grekoak bereganatu zituen (K.a. 357-356). Olinpiasekin ezkontzean Grezia guztia hartzeari ekin zion. Atenak eta Tebak egindako ituna Keronean txikitu ondoren (K.a. 338), Grezia guztia (Esparta salbu) menderatu zuen. Orduan Korinton antolatu zuen Batzar Panelenikoak (K.a. 337) liga helenikoko epaile politiko eta gerra garaietako buruzagi militar izendatu zuen. Filipok, greziar bateratu guztiekin, Darioren kontrako gerrari ekin zion, baina Kleopatra hartu ondoren, baztertua zeukan Olinpias haren emaztearen aginduz beharbada, hil egin zuten. Haren seme Alexandro Handiak gauzatu zituen Filiporen asmoak.