Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Filipinak

(Izen ofiziala, Filipinetako Errepublika; Tagalog hizkuntzaz, Republika ñg Pilipinas; Ing., Republic of the Philippines). Asiako hego-ekialdeko estatua eta uhartedia, Ozeano Barearen mendebaldean; zazpi mila uhartetik gora ditu, nahiz eta horietako hamaikak hartzen duten herrialdearen hedadura guztiaren % 94. Mugak: ipar-mendebaldean, Txinako Hegoaldeko itsasoa; ekialdean, Ozeano Barea (Filipinetako itsasoa); hegoaldean, Zelebeetako itsasoa; hego-mendebaldean, Suluko itsasoa. 300.000 km2 eta 91.000.000 (2007, filipinarrak). Hiriburua: Manila (1.581.082 biztanle, 2000; 10.000.000 biztanle inguru, metropolia barne, 2000an). Hiri nagusiak: Quezón City (Manilako metropolian), Davao, Caloocan, Zebu, Makati, Zamboanga. Uharte nagusiak: Luzon, Mindanao, Samar, Negros, Palawan, Panay, Mindoro, Leyte, Zebu, Masbate. Hizkuntza ofizialak: inglesa (% 45) eta tagaloga (edo pilipinoa, % 55); baina biztanleen % 90 bertako beste hizkuntza batzuetan mintzatzen da bere eguneroko harremanetan. Etnia nagusiak: tagalog, zebuano, ilocano, hiligaynon Ilongo. Erlijioak: katoliko erromatarra (% 83), bertako bi erlijio kristau, islama, budismoa. Dirua: Filipinetako pesoa. ■ Biztanleak. Filipinetako errepublika da munduko hamalaugarren herrialdea, biztanle kopuruari dagokionez, eta Indonesiaren eta Vietnamen atzetik, bera da Asiako hego-ekialdeko jendetsuena; demografia hazkundearen aurreikuspena % 2koa zen 1999rako, eta horrenbestez, arazo handia da biztanle kopuru handia Filipinentzat. Biztanleen banaketan gorabehera handiak daude, baina oro har, nekazari inguruneetan bizi dira gehienak (biztanleen % 60 inguru); Luzon eta Zebu dira jende gehien bizi den uharteak. Bestalde, biztanleei dagokienez, biztanle kopuru handia ez ezik, azpimarratzekoa da halaber Filipinetako etnia aniztasuna. Malaysiarrak dira gehienak, baina talde etnolinguistiko ugari bereizten dira malaysiar-polinesiarren sailean (90 hizkuntza daude, eta horietatik 11 bakarrik dira milioi bat lagunek baino gehiagok erabiliak). Aipagarrienak tagalogak (% 30 inguru) eta zebuak dira, eta garrantzitsuak dira, orobat, ilokanoak. Filipinetako kulturari eta bizimoduari dagokienez, aipagarria da familia bizitzaren eta helduekiko begirunearen garrantzia. Historian zehar Espainiarekiko izandako mendekotasunaren eraginez, bestalde, Filipinetako bizitzako hainbat alorretan nabarmena da haien eragina, kulturan, erlijioan, etab., eta Asiako Ekialdeko gainerako herrialdeekin baino antz handiagoa duela esan daiteke Latinoamerikako herrialdeekin; Estatu Batuen eragina ere handia da, eta horren seinale, ingelesa izatea hizkuntza ofizial. Aipagarria da, azkenik, Filipinetako lurrikara, uholde eta sumendi erupzioen arriskua; bi egunez behin, gutxi gorabehera, lurrikara bat izaten da. ■ Ekonomia. Nekazaritza da Filipinetako ekonomia jarduera nagusia (langileen % 46 inguru; arroza, artoa, kokoa, azukre kanabera), baina zerbitzuek eta industriak (ehungintza, farmazia, elikagaiak) ere badute garrantzia. 1998an Filipinetako ekonomiak hondoa jo zuen Asiako finantza krisi orokorraren eta eguraldiaren gorabeheren eraginez. Ekonomiaren hazkunde tasa % 0,5 jaitsi zen 1997an, baina 1999an % 2tik gorako igoera espero zen. Gobernuak erreforma aurrera eramango duela agindu du, filipinarrek Asiako Ekialdeko herrialde industrializatu berrien artean bere lekua izan dezaten. Bide horretan erabiliko den estrategia da azpiegiturak hobetzea, zerga sistema berrantolatzea gobernuaren diru sarrerak hobetzeko, eta ekonomiaren pribatizazioa eta deszentralizazioa bultzatzea. Filipinetako ekonomia jarduerarekin loturik, baso soiltzea kalte handiak eragiten ari da; 1991ko Uring tifoiaren ondoriozko uholde handietan, esaterako, hondamen handiak izan ziren zuhaitzik ezaren eraginez. Ingurumenarekin, demografiarekin eta politikarekin loturiko gorabeherak direla-eta, zailtasun handiak daude Filipinetako biztanleen ongizatea areagotzeko. Horrekin batera, azpimarratzekoa da kanpo merkataritzatik jasotzen duen diruarekiko mendekotasuna; izan ere azukrea, kokoa, zura eta kobrea inportatzen ditu, besteak beste, eta era horretako lehengaiak esportatzen dituzten herrialdeak munduko prezioen mende egoten dira, eta ez dute prezio horien gaineko kontrolik izaten. Inportazioek hartzen dute kanpo merkataritzaren % 61 eta esportazioek % 39. Azken urteetan sortu dira jarduera berriak, mendekotasun hori murrizteko, baina biztanle gehienen bizi maila ez da nabarmen hobetu. ■ Gobernua eta gizarte egoera. Filipinetako konstituzioa 1987koa da. Gobernuburua eta aginpide betearazlearen burua lehendakaria da, sei urtez behin aukeratu ohi dena. Lehendakariak izendatzen du gobernua. Aginpide legegilea kongresuaren (250 ordezkari) eta senatuaren (25 ordezkari) esku dago. ■ Historia. Filipinek 1946an lortu zuten burujabetasun formala Estatu Batuen mendekotasunetik, baina egoera berriak ez zuen ekarri aldaketa sozial nabarmenik herrialdera. Horrela, gaur egun ere, oraindik lurjabe handien lurrak lantzen dituzte nekazariek; lurraren % 60aren jabetza nekazarien % 20aren esku dago eta lurjabeen oligarkiak indar handia du bertako politikan. Bestalde, ordu arte bezala, Filipinetako gobernuaren politika eta ekonomia Estatu Batuen eraginpean egon zen 1992 inguru arte; orduan alde egin zuen Estatu Batuetako gudarosteak Filipinetan zituen baseetatik, sumendi erupzio baten ondorioz. 1965etik 1986ra Marcos diktadorea izan zen lehendakari, baina 1986an oposizioa gobernuaren gehiegikerien kontra altxatu zen, eta demokratizaziorako bidea zabaltzeko eskatu zuten. Izan ere, Marcosen agintaldian gero eta gehiago areagotu zen zapalkuntza, Estatu Batuetako gudarostearen laguntzarekin oro har, bai mugimendu armatu independisten kontra (Mindanaoko independista musulmanak etab.) eta bai oposizio politiko eta sindikalaren kontra ere. Azkenik, 1986an egin ziren hauteskundeetan oposizioaren ordezkari zen Corazon Aquino hautagaiak (hiru urte lehenago hil zuten Benigno Aquino oposizioko buruaren alargunak) iruzurra egon zela salatu eta desobedientzia zibilerako deia egin zuen. Militar batzuek matxinada antolatu zuten, herritarren laguntzarekin, eta Marcosek erbestera ihes egin behar izan zuen azkenik. Aquinok hartu zuen lehendakari kargua, orduan, baina arazo larriei eta estatu kolpea emateko zenbait saiakerari aurre egin behar izan zien. 1987an konstituzio berria onartu zen, baina berrikuntza ekonomikoen gelditasunak herritarrei eragindako haserrea eta militarren presioa zela-eta, zailtasunak izan zituen Aquinok herrialdea gobernatzeko. Gerrillak ere bere horretan jarraitu zuen, bai Mairuen Nazio Askapenerako musulman autonomistenak (FLNM) eta bai maoismoaren jarraitzaile diren komunisten Herri Gudaroste Berriak (NAP). Mindanaon gatazka larriak izan dira, Mairuen Askapen Frontearen iritzian Filipinetako gobernuak ez duelako bete 1987ko konstituzioak zioena. 1992ko hauteskundeetarako demokrazia finkatuta zegoen, gutxi asko, nahiz eta gerrilla komunista eta musulmanek indarrean zirauten eta Filipinek ez zuten beren inguruko zenbait herrialdek bezain ekonomia bilakaera bizkorra, baina Aquinok Fidel Ramos hautagai militarraren alde egin zuen eta Ramos izendatu zuten lehendakari. 1993an FLMN talde musulmanarekin su-etena sinatu zen; horrela amaitu zen 20 urtean 50.000 hildako eragin zituen liskar bat. Gerrilla talde txikiago batek, dena den, borrokan jarraitu zuen Mindanaon estatu musulmana ezartzearen alde, harik eta 1996an bake hitzarmena sinatu zen arte. 1994an Ramosek koalizio berria osatu zuen gehiengo nagusiak bildurik, eta horri esker 1995eko hauteskundeak irabazi zituen. Hainbat neurri hartu zituen, ekonomiaren segurtasuna areagotzeko (industrializazioa bultzatzea harturik helburu nagusi) eta gizartea baretzeko: amnistia eman zuen, alderdi komunista legeztatu zuen, nazio batasunerako batzorde bat osatu zuen eta komunistekin, musulmanekin eta ofizial gazteekin harremanak hobetzen ahalegindu zen. 1998an, berriz, Joseph Ejercito Estrada lehendakariorde eta oposizioaren hautagaiak irabazi zituen lehendakaritzarako hauteskundeak. Aurreko agintariaren politikari jarraipena eman zion, ekonomista adituen aholkuei jarraituz, eta pobreziaren kontrako borroka izan zuen kezka nagusia (1995ko elikagaien krisiarekin, esaterako, Filipinetako biztanleen bi herenetik gora gelditu zen pobreziaren mailatik behera). Estradaren agintaldia ustelkeriaz eta iruzurrez betea egon zen; 2001ean dimisioa ematera behartu zuten, eta Gloria Macapagal izendatu zuten lehendakari. 2004an, Macapagalek irabazi zituen hauteskundeak, baina jende askok zalantzan jarri zuen haren garaipena eta protesta handiak izan ziren haren dimisioa eskatuz.
http://www.gov.ph/