Fernando Ia Handia
Gaztelako lehen erregea (1000 - Leon, 1065). 1035-1065 bitarteko urteetan izan zen errege. Leongo erresuma bere koroara ekarri zuen Bermudo III.a bere koinatua Tamaran (Palentzia, 1037) menderatu eta hil ondoren. Anaiarteko gerran, Nafarroako Gartzea bere anaia hil zuen Atapuercako guduan (1054), baina Bureba beretzat gorderik, Antso IV.a bere ilobaren eskubideak errespetatu zituen. Erresumako mugak zabaldu eta sendotu zituen, lehenbizi Lusitania aldera (Lameo, Viseo eta Coimbra bereganatu zituen); hegoaldera gero (Toledoko Almamun eta Sevillako Motadid zergapeko lurralde egin zituen), eta azkenik ekialdera, (Valentzia inguratu zuen). Bat-batean gaisotu, Leonera itzuli eta bertan hil zen 1065. urtean.