Filipe IVa Espainiakoa
Espainiako erregea 1621-1665 bitarteko urteetan (Valladolid, 1605 - Madril 1665). Filipe III.aren eta Austriako Margaritaren semea. Aginpidea bere begikoen eskuetan utzi zuen, Olivaresko konde-dukearengan bereziki. Haren garaian gerra ugari izan ziren: Frantzian, Valtelinako arazoa zela medio, eta Italiako Alpeetan; Flandesko gerrak ere segitzen zuen; Spinolak Breda hartu zuen; Hogeita Hamar Urteko Gerran parte hartu zuen, Nordlingengo garaipenarekin eta Rocroiko porrotarekin; Frantziarekin ez zen bukatu gerra Pirinioetako edo Faisaien uharteko bakea arte (1659). Barne politikan, Bizkaian, Katalunian eta Portugalen matxinadak gertatu ziren, eta Portugalek askatasun osoa lortu zuen. Filipe IV.aren garaian bukatu zen betiko Espainiak Europan zuen nagusitasuna.