Filipe VIa Valoiskoa
Frantziako Erregea 1328-1350 bitarteko urteetan, Valoisko dinastiako lehena (1294 - Nogel-le-Roi, 1350). Valoisko Karlosen semea zen, eta Burgundiako Jeann-rekin ezkondu zen. Karlos IV.a oinordekorik gabe hiltzean, erresumako baroiek, Evreux-ko Filipe eta batez ere Ingalaterrako Eduardo III.a baztertuz, errege hautatu zuten. Evreux-ko Filiperen emazte zen Nafarroako Joana II.ari Nafarroaren jabetza onartu zion (1328). Eduardo III.ak omena eskaini zion Gaskoniako eta Guienako bere lurrengatik, baina Filipek Guienan egin zituen lapurretengatik eta bere etsai eskoziarrei eskaintzen zien laguntzagatik minduta, Frantziako erregetza beretzat eskatu zuen Eduardok. Horrela hasi zen Ehun Urteko Gerra. Eduardo III.ak, Bavariako Luis IV.arekin eta bereziki Flandesekin bat eginik, Ecluse-ko garaipena lortu zuen (1340) eta Frantzian sartu zen. Crecyn garaitu zutelarik (1346), Filipe VI.ak gerra etena egin zuen Calais hartu ondoren (1347). Gerraz gainera, gosete handiak, ekonomia krisi larriak eta batez ere izurrite beltzak (1348) jo zuten Frantzia haren garaian.