Filipe IIIa Ausarta
Frantziako erregea 1270-1285 bitarteko urteetan (Poissy, 1245 - Perpinyà, 1285). San Luisen semea zen. Harekin joan zen Zortzigarren Gurutzadara. Bere osaba Frantziako Alfontso II.a hiltzean, Tolosa, Poitou eta Auverniako konde bihurtu zen (1271) eta Venaissingo konderria Aita Santuari utzi zion (1274). Bere osaba Anjouko Karlos I.aren alde atera zen eta Aragoiko Petri III.aren kontra 1282an. Aita Santuak Petri III.ari erregetza kendu eta Valoisko Karlosi, Frantziako erregearen semeari, eman zionean, Filipe III.ak Aragoien kontrako Gurutzada gidatu zuen (1284-85) Aragoi hartzeko, baina huts egin zuen. Aragoiko Elisabetekin ezkondu zen, eta hura hiltzean, berriz, Brabanteko Mariarekin; hark eskaturik Pierre de la Brosse, bere begikoa, urkarazi zuen.