fagozitosi
iz. Biol. Animalia zelula batzuk (fagozitoak) beren barnean gorpuzki solidoak edo beste zelula batzuk biltzeko edo sartzeko duten gaitasuna (landare zelula gutxi batzuek ere badute gaitasun hori). Beraz, gorpuzki horiek bakuolan digeritu, desegin edo kanporatu ditzakete. Fagozitosiak bi helburu nagusi ditu: organismo zelulabakarrak elikatzea eta goi mailako izakiak mikrobio eta gaitzetatik babestea. Orain dela gutxi arte uste zen fagozitoak bere zitoplasmaren luzapenak igortzen zituela, (pseudopodoak) gorpuzki solidoak edo harrapakinak inguratuz, bere inguruan itxiz eta digeritzeko bakuola batean bilduz. Izan, ordea, harrapakina da kanpoaldeko zitoplasman itsatsia geratzen dena, eta zitoplasmak bere baitan biltzen du hura. Miéchnikoff-ek aurkitu zuen fagozitosia, itsasoko ornogabeen enbrioiaren haziera aztertzen ari zela.