Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

euskalduntze

Euskaldundu aditzaren aditz izena. || iz. Euskalduntze eta alfabetatze ekitaldiak.  v  Euskalduntze-alfabetatze mugimendua. 1966ko urtarrilean Euskaltzaindiko zenbait kide eta laguntzailek, tartean Rikardo Arregi bultzatzaile nagusia zela, elkarteko biltzar nagusiari alfabetatze kanpaina egiteko asmoa agertu zioten. Euskaltzaindiak gogoz onartu zuen proposamen hura, alegia, euskara galdua zutenen artean edo inoiz ikasi ez zutenen artean zabaltzea, eta ahoz ikasia zutenei idazten eta irakurtzen irakastea; hala, batzorde bat sortu zuen eginkizun horretarako. Hamar urte geroago (1976-77) A.E.K. (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundeak) erakundeak 40.000 ikasle inguru biltzen zituen, Euskal Herri osoan zehar biztanleak euskaldundu eta alfabetatzeko. Bizkaian eta Gipuzkoan zituzten ikasle gehienak, Nafarroan eta Araban ere baziren, eta geroxeago zabaldu ziren Ipar Euskal Herriko eskualdeetara. Hamarkada horretan indar handia hartu zuen euskararen irakaskuntzak (frankismoaren aurka borrokatzeko beste era bat ere izan zen), eta erakundeen laguntza txikia izan arren eta baliabideak ere urriak, Euskal Herri osoan ziharduen erakunde indartsua bilakatu zen. Urte horietan ezarri ziren euskararen irakaskuntzaren oinarriak bai metodologian, antolamenduan, liburuetan… Hasieran Euskal Herri osoan zabalduta zegoen elkarte bakarra zenak gorabehera eta aldaketa ugari izan ditu, eta alde batetik erakunde ofizialek (HABE —Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntze Erakundea— ren bitartez batez ere), eta bestetik, zenbait taldek, euskaltegik eta abarrek hartu dute eginkizun horren ardura.