Euskaltel-Euskadi
Euskal txirrindularitza talde profesionala. ■ Talde horren sorreran Euskadi Fundazioan dago, Euskal Herrian txirrindulari talde profesional bat osatzeko sortu zena. Miguel Madaroagaren eraginpean, Bizkaiko Foru Aldundia hasi zen lehenik euskal txirrindularien harrobiari profesionalizaziorako bidea eman nahi zion taldea bultzatzen, eta horretarako Fundazio baten beharra azpimarratzen. Euskadi taldea 1994ko urtarrilean aurkeztu zen, 110 milioi pezetako aurrekontuarekin. Aipagarria da herri ekimenak egitasmo horretan izan zuen garrantzia, dirutza horren ia heren bat –30 milioitik gora– bazkideen ekarpenek osatzen baitzuen. Nolanahi ere, arazo ekononomikoak zirela eta, babesle baten beharra sumatu zuten bultzatzaileek. Horretarako aurreneko saioak 1995ean egin ziren Petronor enpresarekin, baina ez ziren ezertan gauzatu, eta azkenean, 1997an, Euskaltel telekomunikazio enpresak erantsi zion bere izena Euskadi taldeari, urte hartako Espainiako Itzulian lehenengo aldiz. Nahiz eta azken urte hauetan maila profesionalean taldea sendotu den, Fundazioak ez dio lanari utzi eta, besteak beste, haur eta gaztetxoei zuzendutako txirrindularitzaren inguruko Gela Pedagogikoa eta ezindu fisikoei eta psikikoei eskainitako Birgaitze Zentroa sortu ditu Derion (Bizkaia). Nazioartean, bazkideen laguntzaz ere finantzatzen den talde profesional bakarra da Euskaltel-Euskadi. ■ Bere jarduera profesionalari dagokionez, lorpen bikainak lortu ditu denboraldiero, bai itzuli laburretan baita bira handietan ere, nahiz eta, itzuli luze klasikoei dagokienez, 2001. urteko denboraldia arte Espainiako Itzulian bakarrik parte hartu duen. Aipagarria da, emaitzei dagokienez, euskal taldeak 1999ko Etorkizunaren Itzulian lortu zuen taldekako bigarren postua. Euskaltelek hasierako ezaugarriei eutsi die taldea garrantzia hartuz joan arren, eta euskal txirrindulariek osatu izan dute gehienbat taldea. Gazte askoren harrobi eta talde handietarako pasabide izan da Euskaltel-Euskadi. Besteak beste, horixe gertatu izan da Iñigo Cuesta, Igor Gonzalez de Galdeano edo Joseba Belokirekin. Igor Flores, Haimar Zubeldia, Roberto Laiseka edota Iñigo Chaurreau izan dira, beste batzuen artean, talde horrekin lasterketa garrantzitsu askotan postu bikainak erdietsi dituzten kirolariak. Julian Gorosperen ardurapean –eta Ruben anaia laguntzaile duela–, 2001eko denboraldian kontratu garrantzitsua egin zuen Euskaltel–Euskadik, David Etxeberria kontratatuz. Urte horretan bertan, hiru urterako hitzarmena sinatu zuen Eusko Jaurlaritzarekin, Frantzian Euskadiren promozioa egin zezan. 550 milioiren truke, Euskaltel–Pays Basque izena eramango du taldeak 2003. urtea arte Frantzian korritzen dituen lasterketetan.