Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskalerriaren Adiskideen Elkartea

(Esp. Real Sociedad Bascongada de Amigos del Pais). 1765. urtean Gipuzkoan sortu eta Euskal Herri osora zabaldu zen Argien Mendeko elkartea. Elkartea jaio zen unean krisi larrian zegoen Euskal Herriko ekonomia egitura, Indietako merkataritzak jo zuen beheraldiarengatik eta mendebaleko Europa guztira zabalduak ziren jadanik iraultza burgesa gauzatuko zuten ideia berriak. Euskalerriaren Adiskideak elkartea Frantzisko Javier Munibe Idiaquez Peñafloridako kondeak Gipuzkoako Batzar Nagusietan 1763-1764 urteetan aurkeztu zituen proiektuen arabera egituratu zen eta, hasieran, Gipuzkoako aitonen seme eta burges batzuek bultzatu zuten (Peñafloridako kondeak, Joaquín María de Eguia Narrosko markesak eta Ignacio María de Altunak bereziki). 1766. urtean onartu ziren elkartearen estatutuak, Karlos III.a Espainiako erregearen onespenaz, eta zeregin hauek jarri ziren helburu nagusi gisa, garai hartako ideologia ilustratuari jarraiki: Euskal herrialdeetan arteak, zientziak eta arte ederrak zabaltzea; ezjakintasuna, nagikeria eta alferkeria ezabatu eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herrialdeen arteko batasuna eta elkarkidetza sustatzea (elkarte horrek plazaratu zuen lehenengoz Irurak-Bat ikurra eta sinboloa). Ekonomia krisiarentzat irtenbide azkar modernoak bideratu nahi izan zituen hasieratik Euskalerriaren Adiskideak elkarteak, eta ezinbesteko iritzi zion horretarako maila guztietako ekoizpen teknikak berritzeari. Euskal Herrian ordura arte bazter xamar egona zen teknologiari zegokionez ikerketa saio berezia eskatzen zuen modernotasun hark eta, horrenbestean, Europari begira jarri ziren elkarteko kideak irtenbide bila. Nekazaritza eraberritzeko asmoek finantza (finantza mailan ez zen proiektu bateratu sendorik bideratu; oro har, nork bere ahalen arabera finantzatu ziren proiektuak) eta egitura (nekazaritza sail txikien tradizioa hautsi ezina) mailako oztopo larriekin egin zuten topo eta industriari begira jardun zuten bereziki elkarteko arduradunek (burdinolak eraberritzea, ikatzarria erabiltzea, burdina lantzeko teknika berriak asmatzea). Europako jakintza-leku nagusietara jo zuten Euskalerriaren adiskideek kimika, mineralogia eta burdingintza prozesuak aztertu eta ikastera, eta arlo horietan lortu zituzten ilustratu euskaldunek zientzia emaitza nagusiak (Ehuyar anaiek wolframioa aurkitu zuten, Ignacio Zabalok altzairua lantzeko metodoak hobetu zituen, bertako laborategietan urtu zen lehenbizikoz platinoa eta hobekuntza nabariak abiarazi ziren burdinoletan (hauspo mota berriak). Ekonomia mailan ez zuten eragin zuzenik izan aurrerakuntza guzti horiek. Bai, ordea, hezkuntza mailan. Espainiako estatuko mugimendu ilustratu garrantzitsuena gorpuztu zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta Bergarako Erregeren Mintegira bildu ziren garai hartako zientzietako eta jakintzako aditu asko. Euskalerriaren Adiskideen eragina txikiagoa izan zen, oro har, hizkuntza eta literatura arloetan, eta geografia zabalkundeari dagokionez, eragin handia izan zuen bere garaian Nafarroan (Tuterako Sociedad Económica Tudelana de Amigos del País, 1778) eta, apalagoa, Ipar Euskal Herrian. Konbentzioko Gerrak (1794) neurri handi batean indargabetu zuen Euskalerriaren Adiskideak elkartea eta, egun, euskal kulturako alor askotan ari den kultura elkartea da Euskalerriaren Adisikideen Elkartea edo Real Sociedad Bascongada de Amigos del País.