Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Esteribar

Nafarroako iparraldeko ibarra eta udalerria (Zangozako merindadea). Mugak: iparraldean Baztan ibarra, ekialdean Erroibar, mendebalean Anue, Olaibar eta Ezkabarte, eta hegoaldean Zuntzarren (Lizoain), Eguesibar eta Uharte. Goratasuna 696 m. 147,8 km2. 1998ko datuen arabera, 1.452 biztanle ditu (esteribartarrak). Kontzeju hauek osatzen dute udalerria: Agorreta, Antxoritz, Eugi, Inbuluzketa, Iragi, Larrasoaña, Leranotz, Olloki, Saigots, Sarasibar, Urdaitz, Urtasun, Zabaldika eta Zubiri –herriburua–. Arga ibaiak zeharkatzen du ibarra. Egun gaztelania da hizkuntza nagusia. Bertako euskara hegoaldeko goi-nafarrera da. Euskaldunak eta erdi-euskaldunak 267 dira. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu euskaldunean dago. Zubiri da herri nagusia biztanleriari dagokionez (440 biztanle). Laborantza (garia, garagarra, mahatsa, artoa, bazka landareak) eta abere hazkuntza (behi eta ardi azienda) ibarreko ekonomia jarduera garrantzitsuena bada ere, langile gehienak (% 50) Zubiriko industrialdean (magnesita fabrika) ari dira lanean.