esterilizazio
iz. Med. Birus eta bakterio gaitz eragileak deuseztatzea; kirurgiarako tresnak, erropa, edariak, janariak, etab. desinfektatzeko egiten da. Beroa da esterilizazioa egiteko gehien erabiltzen den eragile fisikoa, bero lehorra nahiz bero hezez; hotza eta lehortzea dira beroarekin batera esterilizaziorako erabiltzen diren oinarrizko prozedurak. Erretzeak bizia duen edozer deuseztatzen du, baina ez da kontrolatzen erraza eta erabilera mugatuak ditu. Bero lehorra laborategian erabiltzen diren beirazko tresnak esterilizatzeko erabiltzen da; erabili ohi den tenperatura 160° C-tatik 180° C-tara bitartekoa izaten da. Bero hezea aurrekoak baino eraginkorragoa izaten da; 115-120° C bitarteko tenperatura erabiltzen da 20-30 minutuz. Bakterioak 100° C-tan hiltzen dira; esporak aldiz erresistentzia handiagokoak dira. Isurkariak esterilizatzeko iragazi egiten dira. Hala ere, iragazteak ez ditu birusak deuseztatzen.