errege
iz. Erreinu bateko buru den gizonezkoa. || Errege baten irudia duen karta. || Errege(-)bide. Antzinako bide zabala, estatuaren ondasunaren kontura egina. || Errege-erreginak. Espainiako errege-erreginak Donostiara etorri dira. v Lurralde edo nazio bateko buruzagi nagusia da erregea, guztien gaineko agintea duena (ez bada enperadorearen mendeko erregea). Erregetza mundu osoan eta garai guztietan izan da; oinordetzan eskuratu ohi da herri gehienetan, nahiz eta batzuetan, Erdi Aroko Alemanian esate baterako, hautatu egiten zen erregea; bestalde, erabatekoa edo konstituzionala izan daiteke erregearen aginpidea. Gehienetan pertsona bakar baten esku egoten da, baina diarkia erako erregetzarik ere izan da, antzinako Espartan bezala, han bi erregek batera agintzen baitzuten. v Erregea bere mendekoen eta Jainkoaren bitartekari gisa hartu izan da, edo, Sumerian bezala, Jainkoaren ordezkaritzat. Jainkotasun kontzeptu horrek Egipton du jatorria; Greziako ezaugarri izan zen eta baita Erromako enperadoreena ere. XVI. mendetik XVIII. mendera bitarteko erregetza erabatekoa elizak sustatu zuen, baina Ingalaterratik hasita, konstituzional bihurtu ziren pixkanaka asko. Gaur egun leku gehienetan erregearen agintea mugatua da, eta konstituzioaren eta herriaren esku dago hura agintetik kentzea eta beste bat aukeratzea. v Errege absolutua. Aginpide mugagabea duena. v Errege katolikoa. Aro modernoan, Espainiako Erregeari ematen zitzaion titulua. v Errege konstituzionala. Aginpidea konstituzioak mugatua eta zehaztua duena. v Erromako Errege. Napoleon I.ak bere seme eta oinordeko zenari eman zion titulua.