emultsio
iz. Kim. Bi isurkariren edo gehiagoren nahastura, batak bestea oso tanta txikietan bere baitan duena (mikroskopioz soilik ikus daitezkeen tantetan). Bi isurkari horiek berez edo nahastura astinduz osatzen dute emultsioa; nahastura osatzen duten isurkariek ezin dute elkarrekin disoluzioan urtu eta bietako bat bestean suspentsioan gelditzen da. Suspentsio hori egonkorra izan dadin emultsioa errazteko gaiak dira beharrezkoak, bestela suspentsioan dagoen gaiaren molekulek bat egin eta nahastura bereiziko litzatekeelako (ur eta olio nahasturan adibidez, xaboi soluzio bat da beharrezkoa). v Emultsio nuklearra. Azkar higitzen diren partikulen ibilbidea behatzeko eta neurtzeko erabiltzen dena. Partikula horiek emultsioan utzitako arrastoaren arabera beha eta neur daiteke ibilbide hori. v Argazki emultsioa. Zilar gatzez eta gelatinaz edo beste gairen batez osatutako emultsioa, pelikulei eta argazki paperei argiarekiko sentsibilitatea ematen diena.