Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ems

edo Bad Ems. Alemaniako mendebaleko hiria (Rhenania-Pfalz), Lahn ibaiaren ertzean, Koblenz hiritik hurbil. 10.000 biztanle. Ur termalak.  v  Ems-ko Puntuazioa. Horrela deitu zen Treveris, Kolonia, Mainz eta Salzburgoko artzapezpiku katolikoek Erromako Aita Santuaren ahalak murriztu eta nuntzioak kentzearen alde egin zuten proposamena (1876ko abuztuak 25). Aita Santuak eta elizako agintariek ez ezik, Josef II.a Bavariako hautesleak ere ez zuen hura begi onez hartu eta proposamena bere horretan geratu zen, zisma berri bat ekartzeko zorian egon bazen ere.  v  Ems-ko telegrama. Frantziako estatuak Prusiaren aurkako gerra aldarrikatzeko aitzakiatzat hartu zuen telegrama (1870eko uztaila). 1868ko iraultzak erregegai jakinik gabe utzi zuen Espainiako koroa eta 1870ean, errepublikaren aurka altxatu zen Espainiako gobernuak koroa eskaini zion Hohenzollerneko printzeari. Napoleon III.ak ez zuen horrelakorik nahi eta Gilen I.a Prusiako enperadorearekin hitz egin zuen Emsko geltokian, asmo haiek albora zitzan (1870eko uztailak 8). Prusiako enperadoreak ez zuen ordea amore eman. Bismarckek irain ukitu bat erantsi zion Gilen I.ak Napoleon III.ari bidali zion telegramari (1870eko uztailak 13). Frantziak aitzakia hori erabili eta Prusiaren aurkako gerra deklaratu zuen.