Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Empfindsamkeit

(Eusk. «sentibera»). Erromantizismoa Europan barrena iragarri zuen arte eta literatura joera. Haize berri hauek Ingalaterran sortu ziren (Young-en poesia eta, batez ere, eleberri modernorako ateak zabaldu zituen Pamela or Virtue Rewarded [1740, Pamela edo eskerturiko bertutea] eleberria, Samuel Richardsonen obra) eta Europara hedatu XVIII. mendearen erdialdean, Alemaniara bereziki. Lessing alemaniar idazleak proposatu zuen Empfindsamkeit izena, ingelesezko sentimental hitza adierazteko (1768); Aufklärung edo Ilustrazioaren ikuspegi arrazionalistaren aurkako joerak bildu ohi dira deitura horren barnean. Itzulpen lanen ugaltzeak zerikusi handia izan zuten ideia berrien zabaltzearekin. Garai hartan hedatu ziren Europara Ingalaterrako literatura moldeak: MacPhersonek eman zituen Ossianen poemak ezagutzera, Shakespeareren obra hasi zen Europako hizkuntza nagusietara bihurtzen eta Young-en eta beste zenbait olerkariren lanek berehala izan zuten harrera ona. Richardsonen obraren jarraitzaileak izan ziren, neurri handi batean, Rousseau (Julie ou La Nouvelle Héloïsse, 1761) eta Goethe (Die Leiden des jungen Werthers, Werther gaztearen atsekabeak, 1774). Adiskidetasunaren laudorioak, pertsonaren barne psikologiaren aurkezpenak, izadiarekiko sentimenduzko atxikipenak, ametsek, amodiozko gorabeherek eta gizarte berriaren atariko arazoek sarrera egin zioten urte hauetan XIX. mendearen lehen erdialdera arte luzatu zen aro erromantikoari (Sturm und Drang, 1770-1790). Musikarien artean, Karl Philip Emanuel Bach (1714-1788), Johan Sebastianen bigarren semea, izan zen izpiritu berri honetan murgildu zen musikagilerik garrantzitsuena.