Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Emilia

Italiako ipar-ekialdeko eskualdea, Po ibaiaren, Apenino mendien eta Itsaso Adriatikoaren artean. 22.123 km2 eta 4.000.000 biztanle (1990). Emilia-Romagna lurraldea osatzen du, Romagnarekin batera. Hiri nagusiak: Bolonia, Ferrara, Forli, Imola, Modena, Parma, Piacenza, Ravena, Reggio nell’Emilia, Rimini.  v  Ekonomia. Emilia-Romagnako zabaldia oso emankorra da, Italiako nekazaritza produkzioaren % 14 ematen du (garia, barazkiak, fruituak, erremolatxa, arroza eta kalamua. Behi azienda). Metanoa eta petrolioa (Cortemaggiore). Janari industria eta tresneria (Bolonia, Ferrara, Modena).  v  Historia. Aemiliako herrialdea (Via Aemilia izeneko galtzadak zeharkatzen zuen) erromatarrek sortu zuten K.a. IV. mendean, Alpeez haranztiko Galiako partean eta Liguriako probintziaren ekialdean.  v  Artea. Emiliako lurraldeak Erdi Aroko monumentu ugari ditu. Arkitektura eta eskulturako molde erromanikoak XII. mende hasieratik zabaldu ziren Emiliako hirietara, Modenako katedrala (1099) abiapuntu harturik. Boloniak, bestalde, XIII. mendearen erdialdeko eraikuntza gotikoak ditu (Santo Domingoko eta San Frantziskoko elizak) eta XV. mendetik aurrera, Emiliako arkitekturak eraikuntza zibil ikusgarriak plazaratu zituen (Ferrarako hiria, Parma eta Boloniako jauregiak). Emiliako margolariek ospe handia jaso zuten XIV. mendetik aurrera. Horietan garrantzitsuena Parmako Il Corregio, Errenazimentuaren garaiko pintorea izan zen.