Emirerri Batuak, Arabiar
(Arab. Ittihad al-Imarat al-Arabiya). Arabiako penintsulako hego-ekialdeko estatua, 1971z geroztik independentea, Persiako Golkoaren ertzeko bederatzi printzerrietako zazpik osatua: Abu Dhabi, Dubai, Sarjah, Ajman, Umm al-Qaiwain, Ras al-Khaimah eta Fujayrah. 83.600 km2 eta 1.621.000 biztanle (1985). Hiriburua: Abu Dhabi. Mugak: iparraldean Qatar, Oman eta Persiako Golkoa; ekialdean, Oman; hegoaldean eta hego-mendebalean, Saudi Arabia. Munduko lurralderik aberatsenetakoa da; petrolioa da bertako ondasun ia bakarra (mundu osoko ekoizpenaren % 10). Dirua: dirhama. v Historia. Britainia Handiko koroa 1892an sartu zen ofizialki lurralde hauetan, eta 1968an Estatu Federal bat eratzea proposatu zuen. 1971. urtean utzi zuten britainiarrek lurraldea. Historian zehar Piraten Itsasertza deitu izan den lurralde honek munduko petrolio ekoizpen handienetakoa du gaur egun. Agintaritza federala Abu Dhabin dago, eta kontseilu moduan dago eratua: bertan sei errege edo printzeak, gobernuak eta aholku kontseiluak hartzen dute parte. Atzerri arazoak eta defentsa ditu bere esku. Iranek Ormuzko itsasartean hiru uharte bereganatu ondoren, Federazioan sartu zen Ras al-Kaimahko emirra ere (1972ko otsaila).
- Emilia
- Emilio
- Emin Pacha
- Eminescu, Mihail
- emir
- Emirerri Batuak, Arabiar
- emirerri
- emirerribatuar
- emirgo
- emisio
- emititu, emiti, emititzen