Eisenman, Peter
Estatubatuar arkitektoa (Newark, New Jersey, 1932). 1955ean amaitu zituen arkitektura ikasketak Itacako Unibertsitatean, eta New Yorkeko Unibertsitatean lortu zuen arkitektura diploma, 1960an. Ondoren, Ingalaterran jarraitu zituen ikasketak (Cambridge), eta 1963 doktore titulua lortu zuen. Arkitekto gisa 1960an hasi zen lanean, etxebizitzen diseinua eta hirigintza proiektuak egiten batez ere. 1963-1967 urteen bitartean Michael Graves estatubatuar arkitektoarekin aritu zen lankidetzan. 1987an bere enpresa sortu zuen: Eisenman Architects. 1969an Bost Arkitektoak taldeko kide izan zen New York-eko Arte Modernoko museoak antolatu zuen meeting batean, Michael Graves, Charles Gwathney, John Hedjuk eta Richard Meier-ekin batera. 1985eko Veneziako Bi Urtekoan Leone d´oro saria irabazi zuen Romeo eta Julieta lanarengatik. Egin dituen lanen artetik aipatzekoak dira: House II (Falk Etxea; Vermont, 1969-70); House III (Miller Etxea; Connecticut, 1969-71); House IV (Conneticut, 1971); House VI (Frank Etxea; Connecticut, 1972-75); Koizumi Sangyo eraikina (Tokio, 1988-1990), eta Musikaren eta Bideoaren pabilioia Gronningen-en (Herbehereak, 1990).