Early Bird
Comsat-ek espaziora bidali zuen telekomunikazioetarako lehenengo satelite komertziala. 1965ean jaurti zen Cabo Kennedy-tik. 38,5 kg-ko pisua du eta 600 eguzki zelulaz dago osatuta; 12.500 cm2-ko azalera du. 340 telefono linea igor ditzake. Amerikaren eta Europaren arteko transmisioak egiteko bidali zuten espaziora; Estatu Batuetako, Kanadako eta Eurovisioko telebista kateek erabili zuten lehenengoz. Espaziora bidali eta handik hilabetera, Early Bird-a erabiltzeagatik orduko 10.000 dolar ordaindu behar zirela erabaki zen, eta erabaki horren aurka boikota egin zuten Europako eta Ameriketako telebista kateek. Dena dela, satelitea ez erabiltzeko erabakia hartu zutenek ere, Early Bird-en garrantzia onartu zuten.