Du Guesclin, Bertrand
Gerra gizon frantsesa (La Motte-Broons, Bretainia, 1320 - Châteauneuf-de-Randon, Auvernia, 1380). 1350. urtetik aurrera Frantziako erregeen zerbitzuan jardun zuen eta berari esker berreskuratu zituen Frantziako koroak Ehun Urteko Gerraren hasieran Ingalaterrak harturiko lurralde gehienak. 1364an ingelesen alde ziharduen Karlos II.a Gaiztoa Nafarroako erregea menderatu zuen Cocherelen (Goi Normandia) eta urte horretan bertan preso hartu zuten ingelesek Aurayko guduan. Karlos V.a Frantziako erregeak bahitura saria ordainduz askatu zuen, eta Gaztelara jo zuen Henrike Trastamarakoaren alde, erregegaiak bere anaia Petri Ankerraren aurka zeraman gerran parte hartzeko asmoz. Naiarako gudua galdu ondoren (1367), Frantzia aldera jo zuen eta Normandia, Anjou, Touraine, Maine eta Saintonge lurraldeak hartu zizkien ingelesei. Ospe handiko zalduna izan zen eta poetek kantatu zituzten haren balentriak. Ingelesenganako gorrotoaren eta Frantziaren aldeko garraren sinboloa bihurtu zen Du Guesclin.