Dioniso
(Gr. Dionysos). Mit. Mahatsaren, ardoaren eta zoramenaren jainko greziarra, K.a. V. mendetik aurrera Bako ere deitua. Latinoen Liber Pater jainkoa da. Dioniso landare munduaren jainkoa zen berez. Dionisorenganako gurtza Trazia eta Frigiatik ekarri zuten greziarrek, baina jatorriz Kreta edo Egiptokoa zen. Dirudienez haren kondairek erlijio eta gizarte agintarien lizunkeria eta olgetei egindako kritika adierazten dute. Semele bere ama, Zeusen maitalea zena, haurdunaldiaren seigarren hilabetean hil zen. Zeusek berak umekia hartu eta izterrean josi ondoren zegokion garaian jaio zen Dioniso. Beste kondaira baten arabera, Zeusen eta Persephonaren semea da Dioniso. Hera jainkosak, jeloskortasunak hartuta, haurra lapurtu zuen eta Titanei eman. Titanek lau puskatan zatitu eta egosi ondoren jan egin zituzten haurraren puskak. Ateneak bihotza jaso eta Zeus-i eman zion. Jainko nagusiak bihotza hartu eta haren bidez utzi zuen haurdun Semele. Zeus-ek suntsitu zituen Titanen errautsetatik sortu zen giza jendea. Bi kondairen arabera Dioniso bi aldiz sortua da. v Haren omenean antolatzen ziren jaietan (Dionisiakoak) erabiltzen ziren mozorroetatik eta egiten ziren bilera burrunbatsuetatik sortu ziren tragedia, komedia eta drama satirikoa. Italian K.a. II. mendean, hain asaldagarriak ziren Bakanalak, non Senatuak berak debekatu zituen, eta orgien aurkako auzi gaitzak egin zituzten.