Derrida, Jacques
Frantses filosofoa (El-Biar, Aljeria, 1930). Haren obraren eraginez dekonstrukzioaren eskola sortu zuen, literatura, hizkuntzalaritza, filosofia, zuzenbidea eta arkitekturara aplikatu izan den metodologia analitikoa. Filosofia ikasketak egin zituen Parisen, eta ikasketak bukatuta eskolak eman zituen bertan, 1965-1984 bitartean. Lehenago, 1960 eta 1964 bitarteko urteetan, Parisko Sorbonan eman zituen eskolak. Derridaren lehen obra Edmund Husserlen geometriaren jatorriari sarrera (1962) izan zen, Edmund Husserlen 1936ko dokumentu batzuen itzulpenari egindako hitzaurrea, Husserlen tesi fenomenologikoen printzipioak aztertzeko erabili zuena. 1967an hiru liburu argitaratu zituen –La Voix et le phénomène (1973, Ahotsa eta fenomenoa), De la Grammatologie (1977, Gramatologiaz), eta L'Écriture et la différence (1978, Idazketa eta bestelakotasuna)–, eta haien bidez dekonstrukzioaren ikuspegia sartu zen testu irakurketan. Derrida ezin da bere kultura irizpideen arabera sailkatu, eta haren azken lanetan behin eta berriro definitzen da bere pentsamendua. 1970eko hamarraldiaren hasieratik Derrida Parisen eta Estatu Batuetan bizi izan da aldizka. Estatu Batuetan eskolak eman ditu John Hopkins, Yale eta Kaliforniako unibertsitateetan. Haren beste zenbait lan aipagarri Glas (1974) eta Posta txartela (1989) dira. Derridaren lanak hizkuntzan jartzen du arreta osoa. Haren ustez, irakurketa molde tradizionalak edo metafisikoak testuen izaerari buruzko uste ustel asko sortzen ditu. Irakurle tradizionalak uste du hizkuntza ideiak adierazteko gauza dela, ideia horiek aldatu gabe, hizkuntzaren hierarkian idazkera diskurtsoaren azpitik dagoela, eta testu baten egilea testu horren esanahiaren jatorria dela. Derridaren dekonstrukzioaren irakurketak gain-azpi jartzen ditu usteok, eta zalantzan jartzen du testu batek esanahi bakarra eta aldaezina duelako ideia. Hala, agerian jartzen ditu hizkuntzan dauden estratu semantiko ugariak; aurreko adituen obra horrela deseginez, hizkuntza etengabe aldatzen ari dela erakusten saiatzen da. Derridaren beste lan batzuk: La Dissémination (1972, Barreiadura), Spectres de Marx (1993, Marx-en espektroak) eta Mal d'archive (1995).