Davis JR, Sammy
(Jaiotza izena, Samuel Davis). Estatubatuar kantari, dantzari eta aktorea (New York, 1925 - Los Angeles, 1990). Bere aita, Sammy Davis, oso ezaguna zen jazz aretoetan, eta harekin oso umetatik ibili zen Estatu Batuetan zehar ikuskizunetan parte hartzen. Hemezortzi urte zituenerako blues kantari ona zen, baina Bing Crosby-ren eraginez, crooner izeneko estilora pasatu zen. Music-hall eta kabaretetan lan egiten zuen, musikari eta animatzaile. 1943an armadan sartu, eta Ozeano Bareko fronteetan borrokan ibili zen. Gerraostean, Estatu Batuetako kantaririk ospetsuenetariko bat bihurtu zen, eta bere kantak -Mr. Bojangles, I´ve Gotta Be Man, Candy Man- oso ezagunak egin ziren. 1954an begi bat galdu zuen istripu batean; berak zioenez, ezin zitekeen okerragoa izan, beltza, begibakarra eta erlijioz judua baitzen. 1950eko hamarraldian Frank Sinatra, Dean Martin eta Peter Lawford-ekin batera Rat Pack banda osatu zuen, Sinatraren Taldea izenaz ere ezaguna. Talde horrek eragin handia izan zuen, ikuskizunen munduan izan ezik, Estatu Batuetako politikaren alorrean ere, John Kennedy-ren agintaldian batez ere. Zenbait filmetan ere parte hartu zuen –Porgy and Bess (1959)...– eta Broadway-en komediak ere antzeztu zituen –Mr. Wonderful–. Bere biografia argitaratu zuen 1989an, Why Me? (Zergatik ni?) izenburupean.