Davies, Peter Maxwell
Ingeles abangoardiako musikagilea (Manchester, 1934). Manchesterko Musika Talde Berriko kide da, Birtwisle eta Alexander Goehr-ekin batera. Musika ikasketak Manchesterko Musika Eskolan eta Manchesterko Unibertsitatean egin zituen. 1957an, beka bat irabazi zuen Goffredo Petrassi musikagile italiarrarekin Erroman ikasteko. Ikasketak amaitu ostean, musika irakasle izan zen Cirencesterko eskolan. 1967an, musikagile eta interprete gisa hasi zen Pierrot Players-ekin (taldearen sortzaile izan zen, Birtwislerekin batera). Daviesen hurrengo hiru urteetako konposizio gehientsuak esandako taldeak interpretatu zituen. 1970ean desegin zen taldea, eta The Fires of London izeneko taldea sortu zuen Daviesek, musika zuzendari bakarra bera zela. Urte hartatik aurrerako musika gehiena Eskoziako Orkney uharteetan egin zuen, eta eskoziar musikan oinarritu zituen bere konposizio asko. Gizon armatuaren gaineko meza izeneko obran, Erdi Aroko musikako hainbat elementu antzematen dira, ez dago alferrik XIII. mendeko dantzetan inspiratua. Antzerkirako egin dituen lanen artean aipatzekoak dira Eight song for a mad king, —Le jongleur de Nôtre Dame maskaradarako idatzia— eta Vesalii icones. Hainbat opera ere idatzi ditu: Taverner, XVI. mendeko musikagilearen bizitzari buruzkoa, The two fiddlers, Orkneyko haurrentzat idatzia, The Lighthouse, The martyrdom of St. Magnus eta Ave Maris Stella. Aipagarriak dira, orobat, Veni Sancte spiritus, Magnum mysterium, Leopardi fragments (tronpetarako sonata), bi sinfonia eta Turris campanarum sonatium, Yamash’ta japoniar perkusionistarentzat idatzia.