D’Albarade, Jean
Lapurdiko itsaslapurra (Miarritze, 1743 - Donibane Lohizune, 1819). 16 urte zituela itsasoratu zen lehen aldiz. 1779. urtean Duchesse de Chartres ontziaren buru zela, ontzi ingeles bati eraso zion baina hurbilean zeuden beste bi ontzi ingelesek menderatu eta eraman zuten D’Albarade 1780. urtera arte. Diru zigorra ordaindu zuenean Aigle ontziaren kapitain bihurtu zen eta garaipen ugari lortu zituen ingelesen aurka. Bere ontzian errege armadatik ihesi joanak onartzen zituelako salatu zuten, eta gobernuak itsaslapur izateko eskubidea kendu zion. Hala eta guztiz ere, armadan onartu, kapitain egin eta San Luisen ordenako izendatu zuten 1787. urtean. 1793. urtean Itsas arazoetarako ministro izendatu zuten, baina traidoretzat hartu zuten jakobino ez izateagatik, eta kargua kendu zioten. Azkenik, almiranteorde izendatu zuten.