D’Aubuisson, Roberto
Salvadortar militarra eta politikaria (San Salvador, 1943 - San Salvador, 1992). Frantses etorkin familia batean jaio zen, eta jesuitekin egin zituen lehen ikasketak. Eskola militarrean ibili zen gero, eta, handik atera zenean, Guardia Nazionalean sartu zen. Washingtongo Nazioarteko Polizia Akademian ere egin zituen ikasketak, Guardia Nazionaleko agente sekretu izan aurretik, eta presidentearen segurtasun agentziako zuzendariorde izan zen geroago. Gudarosteko erreformistek Carlos Humberto Romero jeneralaren gobernua eraitsi zutenean, kafearen oligarkiak (lurrak banatzearen eta politika erreformen aurka) D’Aubuissoni agindu zion alderdi politiko berri bat antola zezan. 1979an gudarostetik bota zuten, eskuin muturreko jarduera terroristetan eta estatu kolpe ahaleginetan aritu izanaren fama irabazi ondoren. El Salvadorko gerra zibilean (1979-1992) 75.000 giza hilketa baino gehiago eragin zituzten “Heriotza Eskuadroien” antolatzaile nagusia izan zen, eta bera zegoela uste da 1980ko Oscar Romero artzapezpikuaren hilketaren atzean ere. Astinaldi haren ondoren, D’Aubuisson Guatemalan babestu zen, baina Alianza Republicana Nacionalista edo Arena izeneko eskuineko koalizioa antolatu ondoren, El Salvadorrera itzuli zen eta Asamblea Constituyente delakoaren lehendakari izan zen 1982an eta 1983an. 1984ko hauteskundeak Alderdi Kristau Demokratako José Napoleón Duartek irabazi zituen. 1989an, ordea, Arenako hautagaia, Alfredo Cristiani, atera zen lehendakari. D’Aubuissonek ahaleginak egin zituen Cristianik eta ezkerreko gerrillariek gerra zibila amaitzeko hasitako negoziazioak eragozten, baina ez zuen lortu. 1992ko otsailean hil zen D’Aubuisson, eztarriko minbiziaren kariaz, su-etena sinatu baino bost aste lehenago.
- d
- DP
- D’Albarade, Jean
- d’Alembert, Jean Le Rond
- D’Annunzio, Gabriele
- D’Aubuisson, Roberto
- D’Halmar, Augusto
- da capo
- Da Lat
- Da Nang
- Da Noli, Antonio