Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Champaigne

edo Champagne, Philippe. Flandesen sortu zen pintorea eta marrazkilari frantsesa (Brusela, 1602 - Paris, 1674). Bruselan ikasi ondoren Italiarantz abiatu zen baina Parisen geratu zen, Parisko Luxenburgoko jauregiko dekorazio lanetan. Ondoren, Nicolas Poussin pintorearekin hasi zen lanean eta erretratuak eta paisaiak margotzen hasi zen. Erregearen amaren pintore ofizial bihurtu ondoren mandatu asko izan zuen: erlijio lanak Parisko karmeldarrentzat (Eguberria, 1628; Tenpluko aurkezpena, 1629) eta gortesauentzako erretratuak (Richelieu, 1635). Richelieuk eskatuta, lan ofizialak egin zituen, estatuaren kargura (Luis XIII.aren erretratua, 1635; Parisko Sorbona, Val-de-Grace abadia eta Cardinal jauregiko dekorazioa; Gaston de Foix armagizonaren erretratua, 1635). Ordura arteko lan guztiak barrokoak, ugariak eta guztiz koloretsuak izan ziren, Italiako (Caravaggio eta Boloniako eskola) eta Frantziako Poussin pintore handiaren kutsuez hornituak. 1643. urtetik aurrera, haatik, Champaigne jansenisten artean ibili zen eta ordu arteko kolore oparotasuna eta freskotasun barrokoa erlijio giro estuko zuhurtasun eta urritasun bihurtu ziren (Port Royaleko erretratuak, Angélique Arnauden erretratua). Bilakaera hau dela medio, Champaigne Frantziako pintore klasizista nagusietakotzat hartu izan da gerokoan (Ex-voto, 1662, bere alaba Catherineren mirarizko sendatzearen oroigarri egin zuen koadroa).