Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Xanpaina

Parisko arroaren ekialdeko antzinako lurraldea. Bertako mahastietan (Côte de l’Ile-de-France, Reims eta Épernay aldeak) jasotako aleekin egiten da mundu osoan guztiz ospetsua den champagne edo xanpain ardoa. Sartaldeko Xanpaina, lehorra, gari lurralde oparoa da gaur egun. Sortaldeko Xanpaina, berriz, hezea, eta abere hazkuntza nagusi den belardi lurraldea da. Hiri nagusiak: Châlons-sur-Marne, Épernay, Reims, Troyes. v Historia. Xanpainak antzina egungo Aube, Marne, Haute-Marne, Ardenak eta Yonne departamenduak hartzen zituen; Vermandois etxearen esku geratu zen X. mendean. Blois-ko Eudes kondeak Blesois lurra gehitu zion XI. mendean, eta antzinako Galiako eremu feudal garrantzitsu bihurtu zen Xanpaina. Lurrak XII. mendean banatu bazituzten ere, Xanpainako Etxeak indartsu iraun zuen; Gurutzadetan parte hartu zuen (Henrike II.a Xanpainako kondea Zipre eta Jerusalemgo erregea izan zen, 1192-1197) eta lurraldeak oparotasun handia izan zuen (Flandes eta Italiaren arteko erdibidean egonik, Xanpaina Europan ospe handia izan zuen merkataritzagune bihurtu zen). Nafarroako koroaren jabe izan zen 1234 eta 1274. urteen artean (Teodebaldo I.a, Antso Azkarraren lehengusua, Teodebaldo II.a, Teodebaldo III.a eta Henrike I.a). Xanpainako kondeek lurraldearen ardura galdu zuten pixkanaka, eta 1361. urtean Frantziako koroaren eskuetara igaro zen Xanpaina, Filipe Ederra Joana Xanpainakoarekin ezkondu ondoren. Garai bateko merkataritzak indarra galdu zuen XIV. mendean, baina XVII. mende bukaeran berriz ere suspertu zen bertako ekonomia ehungintza, metalgintza eta, batez ere, munduan guztiz ospetsu bihurtu duten ardoari esker. Lehen Mundu Gerran (1914-1918), alemaniarren eta aliatuen arteko gudu gogorrak izan ziren Xanpainan (Marne, Ardenak, Reims, Château-Thierry).