Champollion, Jean-François
(«Gaztea» deitua). Egiptologo frantsesa (Figeac, 1790 - Paris, 1832). Hieroglifikoez kezkatuta, ekialdeko hizkuntzak ikasi zituen, koptoa bereziki, eta hizkuntza hau egiptoarren hizkuntzaren ondorengoa zela egiaztatu zuen. Filah hirian aurkitu zuen obelisko bateko testuari esker, zehaztu ahal izan zuen ikur hieratiko, hieroglifiko eta demotikoen arteko lotura eta, ondoren, Rosetta harriko testua interpretatu zuen. 1822. urtean ikerketa haietako emaitzak argitaratu zituen Lettre à M. Dacier relative à l’alphabet des hiéroglyphes phonétiques gutunaren bidez. 1824an Traité sur l’écriture démotique eta Précis du système hiéroglyphique liburu ospetsua idatzi zituen. 1826. urtean Louvre Museoko sail egiptoarreko zuzendari izendatu zuten eta 1831n Frantziako Eskolako egiptologia irakasle. Bere Monuments de l’Egypte et de la Nubie (1835), Grammaire égyptienne (1835-1841, amaitu gabea) eta Dictionnaire égyptien (1841-1843, amaitu gabea) liburuak argitaratu ziren hil ondoren.