Chamoun, Camille
Libanoko politikaria (Deir-el-Qamar, 1899 - Beirut, 1987). Katoliko maronita. Errepublikako lehendakaria izan zen 1952-1958 bitarteko urteetan. Estatu Batuen aldeko bere politikak musulmanen aurkako gerra piztu zuenean (Estatu Batuetako indarrak Beiruten sartu ziren, 1958) Chamounek dimititu egin zuen. Geroago alderdi liberal nazionalista eskuindarra sortu eta diputatu hautatu zuten (1960). 1964. urteko hauteskundeetako porrotaren ondorioz, Gemayel-en alderdi falangistarekin elkar hartuta 30 diputatu lortu zituen eskuin muturreko taldea sortu zuen. Chamounek, 1973. urtean, 2.000 lagunez osaturiko milizia armatua antolatu zuen, gerrillari palestinarrei aurre egiteko. Bi urte geroago Barne Ministro izendatu zuten Raxid Karameren gobernuan. Milizia kristauen ordezkaria izan zen Libanoko bakearen aldeko bilkuran (Lausana, 1984).