Cugat, Xavier
(Jaiotza izena, Francisco Javier Cugat Mingall de Brue y Deuloffeu). Katalan musikaria (Girona, 1900 - Bartzelona, 1990). Estatu Batuetara joan zen bizitzera familiarekin. New Yorken biolina jotzen ikasten hasi, eta Berlin eta Parisen jarraitu zituen ikasketak. New Yorkeko Teatro Nazionaleko Orkestra Sinfonikoko kide izatera iritsi zen, eta bakarlari gisa ere abestu zuen oraindik oso gazte zela. 1915ean Enrico Caruso tenor ezagunaren taldean sartu zen, eta mundu osoan birak egin zituen harekin. 1920ko hamarraldian, krisialdi garaian, zenbait orkestratan biolina jotzeaz gainera, Los Angeles Times egunkarirako karikaturak eginez atera zuen bizibidea. 1936 aldera, bere taldea sortu zuen. Talde honek tropikal edo afro-kubatar izenez ezagutuko zen generoa sortu zuen, eta berehala bihurtu zen musika talderik ospetsuenetako bat. Cugat berritzailetzat har daiteke, beste genero batzuetako zenbait obra ezagunen moldaketak egin zituelako (tango, sanba, runba edo manbokoak). Horretarako musika tresna exotikoen azterketak egin zituen, hala nola marakena eta bongoarena. 1930 eta 1960 bitartean mundu osoan zehar jotzen ibili ondoren, Las Vegas-en jarri zen bizitzen, eta han Frank Sinatra, Dean Martin eta Sammy Davis Jr. ezagutu zituen. Haiek bultzatuta, zenbait filmetan parte hartu zuen, beti bere orkestran joaz. 1980an Bartzelonara itzuli zen, eta bertan jatetxe baten zuzendari izan zen. Horrez gainera, pintatzeari heldu zion berriro, naif estiloan, eta hainbat erakusketa egin zituen Europan barrena.